Uztailearen 4ean Santa Cruzera heldu eta berehala Boliviako kulturaz eta euren izaeraz jabetu ginen. Oso arrunta izaten da hango emakumeak horrelako jantziekin ikustea. Gehienetan, txanoak tribu edo herri ezberdinetako jendea bereizten du.

Boliviako garraiobideak Sucrerako bidean, espero zenez, oso txarrak dira...

...hori bai, beraiei bost axola eta oso ondo moldatzen dira ordu askotako bidaietan, izan ere autobusetan denetarik jaten dute, oihukatzen dute, zutunik doaz eta txisalarriak badira, lehiotik egiteko arazorik ez!

Argazki hau ezin zen falta Boliviari buruzko erreportaje grafiko batean, kokaren hostoak hain zuzen ere. Eurek egarriaren, gosearen eta "mal de altura"-ren aurka erabiltzen dute. Normalean, ahoan, txikle moduko gauza bat sortzen dute hostoak sartzerakoan; bestela, infusioetan hartzen dute. Guk era guztietan dastatu genuen eta, egia esan, zalantzetan jartzen genuen hostoen eragina. Gaur egun, hango gobernuak, kokaren kontua lasaitu nahian, datorren esaera argitaratu du: "la hoja de coca no es droga". Irudimen handikoa, bai, baina esan beharra dago Cochabambako hostoa besterik ez dutela erabiltzen kokaina egiteko.

"Vale un potosí" esaera Potosí herrian sortu egin zen aspaldian. Hango muino batean, zilarrezko meategi batek izugarrizko oparotasuna ematen zien bertokoei, beraz, garai hartan, munduko lurralderik joriena omen zen; meategian eskuratzen zutenaren %90a, zilarra baitzen. Oraintxe, guztiz kontrakoa gertatzen zaie, zilarra %10a baino ez da, horregatik, gobernuarekin gatazka handiak izaten dituzte beste muino batzuk erabili ahal izateko.
Barruan 2 orduz ibili nintzen, oso gogorra, benetan. Eskerrak gure meatzari ohiak "alkohol 96º" eman zigula edateko, ohiturak jarraituz!

Potositik Uyunira abiatu ginen, "Salar de Uyuni" ikusteko asmoarekin. Bada, Uyunin ez dago ezer, "western" bat filmatzeko lekurik aproposena eta kriston hotza!

"Salar de Uyuni"
180km karratuko lurralde bat, gatzez beteta eta sumendiek babestutakoa. Gure bidaia guztietan ez dut horrelako ikuskizun bat gozatu, ikaragarria da. Zoritzarrez, ondoan dauden
"laguna verde" eta
"laguna colorada" ezin izan genituen bisitatu eguraldia zela eta (elurretan eta -25ºC-ko tenperatura zegoen). Hala ere, datozen argazkietan ikusiko duzuen bezala, merezi du joateak.

Nahiz eta montaje bat eman, benetazko argazki bat da.

Baita hau ere! Bueno, argazkia ez, baina hantxe bertan bai saiatu ginela ez dakit zenbat askotan.

Gatza pilatuta geroago saltzeko. Sakonean, sumendia elurtuta.

Haraino ere heldu gara.

"Isla del pescado" izeneko uharte batean, Salarren bertan, kaktus erraldoiak dira nagusi.
Jarraian datozen argazkiak disfrutatzeko besterik ez dira. Ez dago esaterik!

Ilunabarra
Egunsentia...

...non ikusten diren llamak eta...

...flamingoak.

Uyuni herrian ere badago trenen hilerri bat, oso berezia ez dena egia esan. Behintzat, argazki polit bat ateratzeko modukoa bazen. Neure buruan neramatzan neguko txanoari "chullo" deitzen diote.

Potosiko 4000 metroko altueraren eragina jasan ostean, Uyuni ikusita, munduko hiribururik altuenera abiatu ginen, La Pazera alegia. Bilboko itxura dauka La Pazek, botxo batean kokatuta, mendiek eta sumendiek inguratutakoa, baina milaka eta milaka biztanle leku guztietatik. Hemen, trafikoaren kutsadurarekin, "mal de altura" hori izugarri igertzen zen.

La Paz. Itzulpena: 24 orduz zabalik!

La Paz ezagutu ondoren, Rurrenabaque herrira joan ginen beldurrezko hegalaldi bat egin ostean. Hori bai, bidaia, Andes Mendikatearen erditik pasatzerakoan, oso polita iruditu zitzaigun. Rurrenabaque, Boliviako Amazonian sartzeko ataria da, Madidi Parke Naturalera joateko hain zuzen.

Oihanerako bidaia.

Goiz goizean, gure Amazoniako esperientziaren bigarren egunean, gora egin genuen "parabak" ikusteko asmoarekin. Igoera horrek bista eder hau eman zigun.

Zirudienez, hango fauna osoaren artean, ikusteko errezena eta bereziena "paraba" edo "guacamayo" hegaztia zen. Egia esan, intsektuak, tximinoak eta hauek ikusten ziren sarritan. Bestetik, txarriak entzuten eta usaintzen ziren.

Parabak bikoteka bizi, mugitzen eta elikatzen dira; elkarrekin ematen dute egun osoa. Hala ere, hegan egiten duten bitartean argazki batean harrapatzea oso zaila izan zen. Honetan, bikoteko paraba bat harrapatu nuen, ederra!

Amazoniako landaredia ere oso berezia da. Besteak beste, bi zuhaitz mota deigarri iruditu zitzaizkigun. Lehenengoa, inurri gorriez beteta zegoen, jende maltzurra torturatzeko erabiltzen zena. Pertsona maltzurra zuhaitzean lotzen "dute" eta inurriek egiten "dute" euren lana, pertsona hori hil egin arte. Bigarrena, argazkian dagoena, "zuhaitz ibiltaria" deritzona.

Amazoniako ilunabarra.

Amazoniatik, berriro ere, munduko aintzirarik altuenera joan ginen, Titicaca lakura alegia. Han dagoen lasaitasunez alde batetik, eta, bestetik, Andes Mendikatearen bistaz gozatzea primeran etorri zitzaigun Boliviako bidaia bukatzeko. Tamalez, egiten zuen hotza jasanezina zen, beraz, egun bat besterik ez genuen eman.